XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina, zirudienez, Joxek izugarri ongi ezagutzen zuen alderdi hura, eta beti aurkitzen zuen zirrikitu edo bidexka izkuturen bat aurrera jarraitzeko.

Horrela eraman ninduen inora jotzen ez zutela ziruditen bideetatik, toki bitxi batetan gelditu ginen arte.

Baso trinko eta larrez josiak, basoaren beste zati garbi hura inguratzen eta gordetzen zuen.

Hargatik, Joxek esan zidan bezala, oso jende gutxik ezagutzen zuen paradisu hura.

Pagadi zabal bat zen, batere larrik eta sastrakarik gabea.

Aurrez, baso itxiaren zatian, Josek kabi izkutu batzuk erakutsi zizkidan, baso hura hain ongi ezagutzen ez zuen beste inork ikusiko ez zituenak; baina han, paradisu hartan, begi aurrean ikusten ziren nahi haina kabi, katagorri zulo, piztien egoitza, etab.

Zirudienez, han ez zeukaten gizonaren beldurrik, ezagutzen ez zutelako, agian.

Gainera, bago haien itzal zabaletan, inoiz inork ukitu gabeko perretxiku-tokiak aurkitu genituen.

Joxek, poltsa bete arte hartuz joan ginen perretxiku bakoitzaren izena esaten zidan.

Kabiak ere zein txorirenak ziren bazekien.

Berdin animalien hots edo ujuekin, edota beren aztarnekin.

Itsasoa bera baino hobeki ezagutzen zuela basoa konturatu nintzen.

Iratiko bere ibilerak gogorarazten zizkidan harek.

Toki bitxi hartan bazkaldu ondoren (ondo kontuan izan zuen Joxek han janari, paper edo plastiko arrastorik ez uztea), berriz baso itxian barrena sartu ginen, oraingoan beste aldetik (paradisu hura baso trinkoz inguratua bait zegoen alde guztietatik).

Lehen bezala, bide-txiur zailetatik abiatu ginen, azkarrago joateko.

Jadanik guztiz nekatua aurkitzen nintzenean, iritxi ginela esan zuen Joxek.

Nik, berriz, ez nuen pinua eta larra besterik ikusten nere inguruan.

Baina Joxeri jarraituz, hogei pausotara basoa bukatzen zela konturatu nintzen.

Harkaitzezko mendixka bat zen basoa bukaarazten zuena eta begi aurrean genduena.

Joxek berari jarraitzeko esan zidan keinu batez, eta harkaitzera igotzen hasi zen.

Nik, harriturik, zertarako igo behar ginen hara galdegin nion, izan ere, guztiz ahuldua bait nengoen, eta gainera zerua oso ilun jarria zen, ekaitz igarle zelarik.

Hargatik, gogo gehiago nuen etxera itzultzeko hara igotzeko baino.

Harkaitzean zer zegoen ikusgarria galdetu nionean, berari jarraitzeko eta ikusiko nuela erantzun zidan.

Horrela, gain batetara iritxi nintzenean, nere aurrean ikusi nuen igokera haren arrazoia: leize zulo bat.

Orduan ulertu nuen zergatik ekarri ninduen haraino.